Honi buruz
Gazteak, aisialdia eta euskara lotzen dituen proiektua dugu honakoa. Euskal Herri osoko gazte euskaldunen (euskaldun zahar nahiz euskaldun berrien) jarduna jaso eta internet bidez sareratzea da asmoa, interesa eta beharra duen orok ahozko jarduna hobetzeko baliabide bat izan dezan. Proiektu honekin, beraz, gazteen euskararen ezagutza sustatu, baliabide praktikoak eta errealak eskaini eta motibazioan eragin nahi dugu.
Horretarako, Euskal Herri osoko gazteen hizkera jasotzeari ekin genion 2014an, batez ere bi gai lantzeko: aisialdia eta hizkuntza. Nola bizi dute aisialdia gazteenek? Nola aldatu dira ohiturak azken urteotan? Zer zaletasun dituzte? Eta euren aisialdian zer leku dauka euskarak? Nola uztartzen dituzte euskara eta erdarak?
Proiektuaren ardatza gazteen euskarazko testigantzak dira, beraz. Gazteen hitza jaso dugu, baina fokua, batez ere, hizkuntzaren eremu informalean jarrita: egunerokoan, etxean, lagunekin, eta gertuko jendearekin egiten duten hizkeran. Zertarako? Bada, hain justu, aisialdian (eremu informalean) baliabide faltagatik erdaretara jo behar izaten duten hiztunei ereduak, ideiak eta proposamenak emateko, batetik; eta bestetik, euskararen historia sozial hurbila osatzen eta ulertzen hasteko.
Webguneak atal desberdinak ditu. ELKARRIZKETAK atalean, Euskal Herri osoko gazteei (ezagun zein ezezagun) eta gazteekin lanean diharduten zenbait eragileri egindako elkarrizketak aurki daitezke, herrika sailkatuta. BIDEOTEKA atalean, gazteen interesekoak izan daitezkeen gaiak harturik (parrandak, euskara-erdara, teknologia berriak, rallyak...) prestatu ditugun hainbat ikus-entzunezko aurki daitezke. Eta GAZTE HIZTEGIAn, berriz, lagunarteko hizkera informaleko lexikoa bildu dugu. Hona azalpen gehiago:
Gazte hiztegia
Hiztegi honetan bildu nahi izan ditugu lagunarteko hizkerako berbak eta erranaldiak. Bi iturri desberdin erabili ditugu hiztegia osatzerakoan: batetik, dagoeneko bilduta zegoena aztertu dugu (gai honen inguruko argitalpen desberdinak kontsultatu ditugu); eta, bestetik, gazteei egindako elkarrizketa eta inkestetan batutako hitzak jaso ditugu.
Orain arte egindako bilketa-lanei dagokienez, Berbeta berua liburuko hiztegia (A. Telleria, Badihardugu Elkartea 2003) izan da oinarri gisa erabili duguna, baina beste hainbat argitalpenetatik ere jaso ditugu berbak eta esamoldeak.
Ahozko iturriei dagokienez, Euskal Herri osoko hainbat gazteri inkestak pasa dizkiegu. Momentuz, 60 inkestatik gora bildu ditugu. Inkestetan alor desberdinak zehaztu dira eta euren lagunartean erabiltzen dituzten formak adierazteko eskatu diegu. Bildutako emaitzak bistaratzen ari gara pixkanaka. Norbaitek lagunartean inkesta horiek betetzeko aukera edo nahia izango balu, eska ditzala eta bidaliko dizkiogu. Hiztegian bertan ere badago ekarpenak egiteko aukera.
Proiektua ez dago geldirik eta egunetik egunera gehitzen dira hitz berriak. Zuk ere ekarpenen bat egin nahi baduzu, aurrera!